2015(e)ko abenduaren 21(a), astelehena

Berdintasunean hezten

Berdintasunean erlazionatzen ikasteko leku pribilegiatutako bat ikastetxeak dira. Elkar hobeto ezagutu, besteen aitorpenean oinarritutako harremanak eduki edo konplizitatetik komunikatu eta emakume edo gizon gisa ditugun eskubideak ezagutzera eramaten gaituzten esperientzia berriak konpartitzen ditugu ordu batzuez egunero.

Beraz, etorkizuneko irakasleok hezkidetza hartu behar dugu erreferentziatzat, eta horrela, gure ikasleen artean berdintasuna egotea lortuko dugu. Baina, zer da hezkidetza? Hona hemen haren testuingurua ondo azaltzen duen Prezi bat:




Bestalde, Haur Hezkuntzan berdintasuna lantzeko ipuin oso aproposa partekatuko dizuet, Printzesa ezberdina dauka izena:

Bazen behin, duela urte gehiegirik ez eta oso urrun ez dagoen leku batean, Alba Aurora izeneko printzesa bat. Alba Aurorak adats beltz ederra zeukan, inork baino lehenago egunsentia ikusteko goizero eskalatzen zituen zuhaitzen adarretan ez nahaspilatzeko luzera nahikokoa. Alba Aurora oso sentibera eta maitagarria zen, baina oso bizkorra eta kirolzalea ere bai eta, gainera, larunbatero mendietara igotzera edo hondartzan kanpatzera joatea ikaragarri gustatzen zitzaion.

Egun batean zarata arraro bat entzun zuen lehioan. “Nor ote da?”, galdegin zion bere buruari. Printze Urdina zen, alajaina! Eta, azaldu zionez, bera askatzera zetorren. “Baina zertaz askatu behar nauzu?”, galdetu zuen Alba Aurorak. “Ez dakit”, erantzun zuen Prinze Urdinak, nahiko desorekatuta, “beharbada azti gaizto batengandik edo umore txarreko dragoi batetik edo ogro erraldoi batengandik?”.

“Baina nik ez dut ezagutzen azti gaizto bat ere, ezta ogro erraldoirik eta, are gutxiago, umore txarreko dragoirik! Gainera, horrela izanez gero, nik neuk aurkitu nukeen askatzeko era”.

Printzea, egiteko ezer ez zeukala ikustean oso triste jarrita, leiho beretik jaisten hasi zen, baina Alba Aurorak galdetu zion: “Ezagutzen duzu Txinako harresia?”. “Txinako harresia? Bada, ez!”, oihu egin zuen. Eta ezetz esaten bukatzen utzi gabe, printzesak besotik hartu zuen eta leihotik elkarrekin jaitsi, motorrera igo eta monumentu hori ezagutzera joan ziren.

Eta horrela printzesa ezberdina eta Printze Urdina mundua zeharkatzera joan eta lagunak egin ziren... Eta hala bazan ala ez bazan sar dadila kalabazan, ipuin hau hasi baino ez da egin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina